2013/06/16

Iheslariak Euskal Herrian libre!

Euskal Herrian aski ezaguna da euskal preso politikoek pairatzen duten giza eskubideen urraketa, beraiei ez ezik euren senide eta lagunei ere sufrimendua eragiten dieten salbuespen neurri eta espetxe politika ankerraren ondorioz.

Horiek horrela, agerikoa da euskal jendartearen gehiengo zabal batek, Espainia eta Frantziako gobernuek indarrean mantentzen dituen salbuespen neurriak eten eta konponbide klabeetan oinarritutako espetxe politika aplikatzea eskatzen duela. Euskal Herrian giza eskubideen errespetua bermatu eta konponbide eta bake justu bat erdiesteko beharrezko urratsa da hau.

Gatazkak sorturiko ondorioen zerrenda luzean, euskal iheslari politikoen errealitateaz hitz behar dugu ezinbestean. Ehunka dira munduan zehar barreiaturik dauden euskal herritarrak eta haien egoerari irtenbidea ematea beharrezkoa da.

Herriraren aburuz, urte luzetako sufrimendua atzean utzi eta konponbidearen bidean aurrera urratsak emateko, aurreneko pausoa pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea da. Norabide honetan, oinarrizkoa da iheslari guztien eskubideak errespetatzea eta duintasunez bizitzeko aukera izatea.

Ehunka euskal herritar dira, euren herritik kanpo 5, 10, 20 edo 30 urte daramatzatenak, familia eta lagunak milaka kilometrotara dituztela, kasu batzutan ozeanoa ere tartean dela. Haietako bakoitzaren kasua berezia da, baina haien artean paperik gabeko pertsonak ditugu, helbide legalik gabekoak eta sarritan zailtasun handiak dituzten osasun asistentzia eta zerbitzu egokiak jasotzeko. Ez  dute lan arautu bat izateko aukerarik eta maizegi muturreko egoera latzetan bizi dira. Horien artean, deportazioan bizitzera behartuak izan diren hainbat euskal herritar, inolako babes juridikorik gabe Euskal Herritik milaka kilometrotara urrundutakoak.

Pairatzen duten jazarpena erabat zailtzen du Euskal Herriarekin duten harremana zein euren eguneroko bizitza. Salbuespen neurri berezituen jo mugan bizi dira: besteak beste, lege berezien menpeko atxiloketak, gerra zikina, entregak, euroaginduak, estradizio prozedurak, konfinamenduak…

Neurri berezi guzti hauek, sufrimendua eragiten duten iheslariengan eta baita beraien ingurune hurbilean ere. Egoera hauek iraganean uztea beharrezkoa da konponbide eta bake egoeran aurrera egiteko.

Bide honetan, iheslari politikoen kasuan bi lehentasun ezarri ditu Herrira mugimenduak: Duintasunez bizitzeko eskubidea bermatzea eta jasaten dituzten salbuespen neurriak indargabetzea.

Pertsona hauen salbuespen egoera gizarteratzeko eta haien giza eskubideak errespetatu beharra euskal gizarteari helarazteko konpromisoa du Herrira mugimenduak.

2013/06/03

Herritarron epaia abian da!

Herrirak “Herritarron epaia” jarri du abian, 197/2006 doktrinari amaiera emateko ekimen ibiltaria. Ekimena ekainaren 8an hasiko da, Tafallan. 80 hiri eta herritan eginen da, eta Iruñean izanen du bukaera, Anaitasuna pabiloian, irailaren 14an.